INGURA: OHIKO GALDERAK

Zer da INGURA?

INGURA euskara online ikasi eta irakasteko ingurune digitala da, bakarka nahiz taldean irakasleak tutorizatuta, edozein gailutatik, noiznahi eta nonahi euskara ikasteko aukera ematen duena.

INGURAk A1 mailatik C1 mailara bitarteko ikastaroak eskainiko ditu.

INGURA ingurune eleaniztuna da; lau hizkuntzatan aritzeko aukera ematen du: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

Zenbat maila eskaintzen ditu une honetan?

INGURAk A1 maila eskaintzen du.

Maila hau burutzean, gai izango zara eguneroko harremanetan eta aurrez aurreko testuinguru ezagunetan beharrezkoak diren hitzak eta esapide sinpleak ulertzeko eta erabiltzeko, eta baita berehalako premiei lotutako galderei (zeure buruaren eta besteren aurkezpena, eta helbideari, gauzei eta ezagutzen duzun jendeari buruzko oinarrizko informazioa) erantzuteko ere.

Erregistratu egin behar dut ikastaroa egin ahal izateko?

Bai. INGURAn sartzeko kontu bat sortu behar duzu.

Nola erregistratuko naiz?

Atari nagusiko HASI sarbidean sakatu eta kontu berri bat sortzea nahikoa da.

Nola sar naiteke ikastarora?

Erregistratuta egotea nahikoa da ikastaroan sartzeko. Erabiltzailea eta pasahitza ahaztu badituzu, bertan daude berreskuratzeko jarraibideak.

Nolakoa da ikastaroa? Nola dago egituratuta?

A1 mailako ikastaroak 60 unitate dauzka eta denak bakarka eta taldean online egiteko diseinatuak daude.

Lehen 30 unitateen bakarka egiteko autozuzenketadun jarduerak DOAKOak dira. Horiek egiteko nahikoa da INGURAn izen-emanda egotea.

A1 mailako ikastaro osoa egiteko, hau da, bakarkako jarduerez gain, irakasle batek gidatuta gela birtualean aritzeko, euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikulatu behar duzu.

Talde batean matrikulatzeko aukera LASTER ESKURAGAI egongo da.

Mailaketa-proba egin beharko dut hasi aurretik?

Ez. A1 mailako ikastaroaren DOAKO jarduerak egiteko ez duzu mailaketa-probarik egin behar.

Zenbat irauten du?

A1 mailako ikastaroa, 60 unitateetan banatuta, 100 ikastordukoa da. Doako zatiak 40 ikastordu eskaintzen ditu.

Ibilbide jakin bat proposatzen da? Jasota geratuko da nire aurrerabidea?

Ikastaroa unitatez unitateko ibilbide gidatua da. Aurrerapenaren berri etengabe izango duzu eta non utzi eta non jarraitu adieraziko dizu INGURAn sartzen zaren bakoitzean. Unitate bakoitzean zer egin eta zer eduki ikasiko duzun azaltzen da.

A1 mailako edukien eta ekintza komunikatiboen ordena progresiboan eta bideoen hari narratiboari jarraikiz antolatuta dago ikastaroa. Hala ere, ez da beharrezkoa aurreko zeregina gainditu behar izatea aurrera egin ahal izateko, ez unitateen artean ezta unitatearen barruko jardueren artean ere.

Autozuzenketa duten jarduerak behin baino gehiagotan egin ahal izango dituzu. Egin ahala, honela adieraziko da eta azken emaitza jasoko du INGURAk.

Gainerako jardueren emaitza kuantitatiboak, kualitatiboak eta ekoizpenak beste ebaluazio-irizpideen arabera kudeatuko dira ingurunean.

Unitate bakoitzaren amaieran ebaluazio-atala eta lau unitatez behin berrikusketa-unitatea egongo da. Hauek behin bakarrik egiteko aukera dago.

Bakarka bakarrik egiteko ikastaroa da?

Ez. Unitateek taldean eta bakarka egiteko jarduerak dituzte. Doako jarduerak bakarka egiteko dira, tutorerik gabe, eta autozuzenketa dute.

A1 ikastaroan matrikulatuz gero, hainbat ikastereduren bidez ikasiko duzu: bakarka, taldean, gelaz kanpo eta gela birtualean.

Nola ikasiko dut?

Unitate bakoitzaren abiapuntua egoera-bideo bat da. Bertan egunerokotasunean ohikoa den egoera komunikatibo umoretsu eta hurbila eskainiko da, ahoskera, erritmo eta hizkuntza erreala eta naturala erabiliz.

Bideoaren hizkuntza, gaia eta gertaera komunikatiboa behatu eta landuko dira unitatean zehar, amaieran ahoz edo idatziz testu bat ekoizteko eredugarri eta baliagarri izango dena.

  • Hasieran, testuingurutik esanahia ondorioztatu eta hizkuntza sortzetik abiatuko zara, bideoan jasotakoa ahoz eta idatziz berreraikiz.
  • Jarraian, irakaslearen azalpena dator. Azalpen-bideoan arreta jarri eta ikasi beharreko edukiak nabarmendu eta azalduko ditu, eta adibide gehiago eskainiko ditu, jarraian datozen jardueren argibide.
  • Gramatika, ahoskera eta hiztegiaren lanketa berariazko jardueren bidez egingo duzu. Une didaktiko hau ahozko nahiz idatzizko hizkuntzaren behaketa eta praktika egiteko izango da. Jarduerok nahi bezala eta nahi adina aldiz egin ditzakezu.
  • Ondoren, irakaslearen gidaritzapean, hizkuntza ekoiztu egingo duzu, bai bakarka eta baita taldean elkarreraginean ere, unitateak helburu duen ekintza komunikatiboa gauzatuz. Ekoizpena jaso eta ebaluatu egingo du irakasleak.
  • Ebaluazio-atala ere badago unitatearen amaieran. Hau saiakera bakarrekoa izango da, berrikusketa-unitateak bezalaxe.
  • Azken atala kultur edukiei eskainia dago. Euskal ohiturak, jaiak, hiriak eta historia hizpide, jakingarri interesgarriak aurkituko dituzu atal honetan.
Trebetasun guztiak landuko ditut?

Bai. A1 komunikagaitasun-maila helburu, ulermena, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza online landuko dira INGURAn.

Nolakoak dira INGURA bideoak?

A1 ikastaroak 60 egoera-bideo eta beste hainbeste azalpen-bideo ditu. Guztira 120 bideo dira. Bai egoera-bideoak eta baita azalpen-bideoak ere, nahi adina aldiz ikus ditzakezu.

Azalpen-bideo guztiak unitateetan txertatuta ez ezik, atarian bilduta eta eskuragai ere badituzu.

Bideoak hiru aldiz ikustea gomendatzen dizugu: lehenengoan, zeure hizkuntzako azpitituluekin; bigarrenez, euskarazko azpitituluekin eta azkenik, azpititulurik gabe.

Azpitituluak ikonoan klik eginda aktibatzen eta desaktibatzen dira.

Nora jo dezaket ikastaroari buruzko zalantzak argitzeko, galderak egiteko...?

Bidali zure zalantza, galdera eta iradokizunak ingura@euskadi.eus helbidera eta berehala jasoko duzu erantzuna.

Zergatik ez daude eskuragai kolore laranja duten atalak (Idatzi, Gramatika+, Hiztegia+, Zeure kasa, Talde-saioak, Ebaluazioa eta Berrikusketa-unitateak)

Une honetan A1 mailaren lehen 30 unitateak daude eskuragai. Jarduera hauek irekiak eta doakoak dira eta urdinez adierazita daude. Laranjaz ageri direnak matrikulapekoak dira.

A1 mailako ikastaro osoa egiteko aukera 2024ko udazkenean irekiko da. Horretarako, INGURAtik bertatik euskaltegi edo autoikaskuntza-zentro batean matrikula egin ahal izango da.

Matrikularen kostua zentro bakoitzak egiten duten eskaintzaren araberakoa izango da.

Zergatik ezin ditut MINTZATU eta ELKARRIZKETA jarduerak egin? Mikroarekin arazoa daukat.

MINTZATU eta ELKARRIZKETA ariketak egiteko, beharrezkoa da mikrofonoa. Mikrofonoa erabiltzeko modurik ez baduzu, baimena eman ez duzulako da.

INGURAra sartzeko Android telefono bat erabiltzen ari bazara, telefonoaren ezarpenetara jo behar duzu. Handik Aplikazioetan sartu, erabiltzen duzun nabigatzailea aukeratu, baimenak aztertu eta bertatik baimena eman mikrofonoa erabiltzeko.

Telefonoaren ezarpenak > Aplikazioak > erabiltzen duzun nabigatzailea > Baimena eman

Nabigatzaile batetik sartzen bazara, honen goiko aldean, ezkerreko aldean, sinbolo hau aurkituko duzu:

Imagen1.png

Bertan klik eginda, aukeretako bat da mikrofonoa. Aukera dago aktibatu ahal izateko.

Chrome bezalako nabigatzaile batzuek aukera eskaintzen dute Guneen konfigurazio atalean, ezarpenak aldatzeko. Atal horretan betiko eman dakioke baimena mikrofonoari INGURAn erabiltzeko.

Baimena_eus.png

Era horretan, gordeta geldituko da, aurrerantzean bertara sartzen zarenean ezer egin behar ez izateko.